2008/11/24

TA-TA-RRAS

Dakizuenez oihaneko erregea lehoia da, baina basokoa nor da? Jende askok esaten du ez dagoela, baina nire herriko basoko erregea Tatarras da. Eta nor da Tatarras?
Tatarras neska bat da, ez dauka hankarik, begi gorri-gorriak ditu eta azkazalak oso luzeak.
Hau da Tatarrasen istorioa:
Behin batean bazen neska oso eder bat eta bere mutil lagunarekin geratua zen basoan, baina bat-batean "Tuuuuuuuuuuu" bat entzun zuen eta, zerbaitek, izugarrizko kolpea eman zion, trena alegia, hankarik gabe geratu zen eta odol guztia burura igo zitzaion.
Eroetxe batera eraman zuten, urte pare bat eman zituen eta, egun batean, ihes egin zuen. Ez zuten aurkitu eta gauean etxe bateko teilatuan zegoen. Ikusi zuen bi neska-mutil han lo egiten zutela eta gelak sabaian leiho bat zuen. Giltza sartzeko lekutik azkazala sartu zuen eta barrura sartu zen. Barruan, neskatoari azkazalak lepoan sartu zizkion eta hil egin zen neskato gaixoa, eta mutikoa korrika joan zen gurasoengana.
Hurrengo gauean berdina egin zuen mutikoarekin, eta hurrengoan amarekin. Orduan aitak eskopeta bat erosi zuen eta umeen gelan gelditu zen Tatarrasen zain; baina Tatarras oso azkarra zen eta beste leku batetik sartu zen, bizkarretik igo zitzaion lepora heldu arte. Aita zintzilikatu egin zuen eta azkazal batekin goitik beherra larru guztia kendu zion, sufrimendua eraginez, eta azkenean aita hil egin zen ere eta Tatarrasek aitaren odolarekin paretan "itzuliko naiz" jarri zuen.



Hori duela hogeita bost urte gertatu zen eta jende askok esaten duenez Nabaskozeko San Kiriko mendian dago eta orain zaharra denez haurrei bakarrik erasotzen die. Urtero erromeria bat egiten da San Kirikora eta igotzen den jende guztia leku batean harriak botatzen ditu, Tatarrasek jakiteko eskopetak dituztela. Horregatik ez dituzte haurrak bakarrik hara ibiltzera joaten uzten, ez eta ehizan ere. Ekaitza dagoenean ez da inor joaten "Mairuen kobazulora" Tatarras han gordetzen delako.
San Kirikoko pagoak harramazkak dituzte eta txori askoren lumak aurkitzen dira lurrean.
Zuek jakingo duzue istorio hau egia edo gezurra den, baina nik pagoena eta lumena ikusi egin dut eta jendea mukuru batera harriak botatzen ere bai.
Beste gauza bat, duela hogei urte Iruñeko mendizale bat joan zen eta ez zen itzuli, gero ehiztariek bere arropa aurkitu zuten odolez betea. Orduan badakizue: Tatarras ikusten baduzue korrika egin ahalik eta azkarren.
Gauza bat ahaztu zait esatea... nondik datorren bere izena: ibiltzerakoan lehenengo ezkerreko azkazalak sartzen ditu lurrean "TA-", gero eskuinekoak "-TA-" eta bukatzeko biekin batera arrastatzen ditu "-RRAS!!!".

No hay comentarios: